XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Gela bat niretzat bakarrik nahi dut eta nire gauzek eta paperek errespetatuak izan beharko dute ni bizi naizen artean; eta gainera, etxe honetan ez dit inork sekulan esanen traba egiten dudanik eta ez dit inork presarik emanen eta orain arte bezala jantziko naiz.

-Bai gizona bai erantzun zion Xantosek eta hitzarmena hertsi zuten.

Hori guztia ahopetik kondatu izan zion behin baino gehiagotan indiano zaharrak Beñati.

-Eskatutako guzti-guztia onartu zidan Xantosek; dena.

-Ez zegoen, nonbait, diru premia makalean!

Eta bere geroa saldu zuenez geroztik, Nazario indianoak egunero gauza ber berak egiten zituen.

Goizean jaiki eta pattarra ttantto bat hartu eta gero, goizeko seirak aldean uda ala negu, egunsenti ala ilun Eltzuko herriari bira ematen zion.

Dena geldi-geldirik dagoen garai horretan ikusten zituen langile onen eta txarren baratzeak eta alorrak, herriko aldaketak eta premiak.

Gero argi-ezkila entzun orduko goiz-mezatara joaten zen eta ondoren etxera.

Kafetinean eseri poto esnea gatza pikor lodi batzuekin hartu eta zer edo zer irakurriz edo bestela ezer egin gabe goiza botatzen zuen.

Bazkal aurrean joan-etorri bat egiten zuen, zangoak luzatu bidenabar.

Gero, berriro eseri, bazkari mokadua egin eta afal aurrean arrosariora joan arte, denborari so.

Aspaldian utzi zion idazteari; irakurri egiten zuen, baina irakurtzen zituen gauzarik gehienek ez zioten inolako axolik.

Bere gazte denborako gertakizunak gogoratzen zituen gehienbat, baina ez zeukan nori esanik.

Herriko bideetako harriak ezagunak zituen eta ia banaka-banaka gogoan zeuzkan.

Argentinan ez nitian sekulan horrela ikasi.

Sendi bakoitzeko arbaso eta aiton-amonak gogoratzea zuen atsegin, baina garaiko umeak ez zituen ezagutu...

-Eta zergatik ez zara noizean behin Iruñera-edo joaten? galdetu zion behin Beñatek.

-Bizi naizen arteko otordu guztiak ordaindurik baditut ere ez dut sosik, ezta txanpon bat ere hor barna ateratzeko.

-Baina zenuen guzti-guztia eman al zenion ba ostalariari?

-Azkeneko soseraino... ziurtasuna erosi nahi eta aukera guztiak saldu, geroa saldu.

-Goetheren Faustok anima saldu zuen, baina nik geroa, ez al da berdintsu?

-Damuturik ote zaren nago batzuetan esan zion mutilak.

-Nork lekike hori?

-Neronek ere ez dakit eta.